Egurra goxoa da, polita, epela; eta emaitza gustagarriak sortzen ditu

Egur-tailu ikastaroko lagunak / Argazkia: Asier Mentxaka UK aldizkaria

Egur-tailu ikastaroko lagunak

Uk aldizkarian argitaratutako elkarrizketa

Egur-tailu ikastaroa euskaraz ematen ari da Luix Artola Getxon, Egizu elkartearen ekimenez. Astelehen arrastiro elkartzen da taldea Algortako Aldai Patronatuan, eta oraindino garaiz zabiltza parte hartu gura baduzu; maiatzera arte luzatuko da ikastaroa. Artolak egurra lantzea du ogibide. Batez ere, musika tresnak egiten ditu, eta horien artean, bereziki biolinak. Baina ez da erraza egurretik bizitzea: ordu asko lan egin behar du eta salmenta ere ez da erraza. Horregatik eta gustuko duelako, tailuak egiteko ikastaroak ere ematen ditu.

- Egur-lana duzu ogibide?
- Bereziki luthier lana egiten dut: biolinak. Baserrikoa naiz, eta egur zein lanabes artean hazi naiz, betidanik egurra lantzen. Orain dozena bat urte aukeratu nuen egurra ogibide.
- Tresnak egitea ez da oso ohikoa.
- Egur-lanetik pasatu nintzen soinu tresnak egitera. Bilboko musika eskolan badago biolinak egiteko ikasteko eskola, han ikasi nuen. Baina bestelako egur-lanak ere egiten jarraitzen dut, gustuko dut-eta. Tailu ikastaro batzuk ematea suertatu zitzaidan; orain arte Ugaon eman ditut eta Egizuk aurten eskatu dit Algortan emateko: ni pozik.
- Biolinari gero soinu polita ateratzeko, zaila ematen du lan horrek.
- Ez da erraza, baina ofizioa da, eta ofizio bat ikasi egiten da. Egurrak aukera asko ematen du: ez da apaingarri hutsa, soinua ere sor dezake. Lehenik, egur, soinu eta akustikaren fisika ikasten da. Gero hariak, egurra, lodiera, hutsuneak edota tentsioak lotzean, posible da egurrari soinu polita ateratzea.
- Egizuren ikastaroa, ordea, tailuei buruzkoa da, zer ikasiko dute ikasleek?
- Ikasiko dute egurra ezagutzen. Material bakoitzak badauzka bere ezaugarriak, baita egurrak ere; horiek ondo ezagutu behar dira egurragaz gauzak egin ahal izateko: altzariak, musika tresnak edota eskulturak. Lehen egunetik hasi gara egurra zulatzen eta lanabesak ezagutzen; horrela ikusten dira egur mota bakoitzaren erraztasun eta zailtasunak. Ez da dirudien bezain erraza: egurra eta lanabesak ezagutu behar dira, baita beraiekaz lana zelan egin ere. Lantzeko errazenak direnak eta emaitza distiratsuenak lortzen dituzten egurrak dira garestienak, adibidez, gereziondoa; guk haritza, gaztaina edota pagoa erabiliko ditugu. Ezer ez dakienarentzako mundu konplikatua bihurtzen da hasieran, baina poliki-poliki, gauza politak ateratzen dira.
- Beraz, edonork parte har dezake?
- Bai, edonork, baita txikienek ere: behin lanabesak maneiatzeko gaitasuna izanda, hamar edo hamabi urtetik aurrera egurra lan dezakete umeek. Beren sormena adierazteko modua eta eskuakaz sortzeko aukera topatuko dute ikasleek. Gainera, egurrak badu zerbait berezia: goxoa da, polita, epela; eta emaitza oso gustagarriak sortzen ditu.
- Zer bilatzen dute, ogibidea?
- Ez, normalean ez dut topatu ogibide bila datorrenik; baina izan liteke, bakoitzaren trebezia eta gaitasunaren arabera, zergatik ez? Dena dela, normalean zerbait polita egiteagatik etortzen dira, baita denbora pasatzeko ere.

205. UK aldizkarian argitaratutako elkarrizketa. 2011ko azaroaren 24a

Leave A Comment

Egizu elkartea

egizugetxo@gmail.com
Martikoena 16, 2-3, 48992 Getxo (Alango)
IFZ: G95360095

Telefonoak

619 935 541 Asier

685 732 963 Lander

644 277 155 Rozio