Itxas-Argia kantari kanta

“Kantu-taldea sortu dugu kantuzaleak batu, ingurukoak alaitu eta gure kultura sustatzeko

Kantu-taldea sortu dute Itxas-Argia kultur elkartean. Talde irekia da, edonork parte har dezake, kantatzen jakin edo ez. Hilean bitan elkartuko dira elkartearen egoitzan, entsegua egiteko, 19:00etan; eta hilean behin, Getxon eta Algortan erakutsiko dute entseguen emaitza, tabernaz taberna. Lau lagunek bultzatu dute ekimena, horien artean dago Patxi Lasa Etxezarreta. Elkarrizketa egin genuen lehen entsegutik egun batzuetara eta badirudi indartsu hasi direla, izan ere, 27 lagun elkartu ziren. Zuzendari lanak egiten ditu Josu Landeta Egurrolak.

«Guztiz irekia da, bakarrik behar dira zaletasuna eta ondo pasatzeko gogoa»

 

Urte berria! Ikastaro berria!

egizu.eus

Urte hasierarekin batera Egizutarrok ikastaro berria antolatu dugu. Oraingoan pilates ikastaroa eskeiniko dugu!

Ikastaroa urtarrilaren 16an hasiko da eta martxoaren 27an bukatuko da. Ostiralero 2 orduz praktikatzeko aukera izango dugu.

Aukera paregabea dugu urtea osasunez hasteko, eta garrantzitsuagoa dena, urtea euskaraz hasteko!!!

Parte hartzeko informazioa:

Urtarriletik martxora bitartean
Noiz: Ostiraletan
Ordutegia: 18:00 – 20:00
Non: San Nikolas ikastolako haur-hezkuntzako lonjan (Algortan)
Prezioa: 120€ / 90 € Berbalagun, Bizarra Lepoaneko bazkide eta San Nikolas ikastolako kideek.

Izena emateko: 619 935 541 / egizugetxo@gmail.com
Ordainketa EGIZU elkartearen kontu korronte-zenbakian egin behar da, norberaren izen-abizenak adierazita.

Laboral Kutxa 3035 0067 66 0670062588.

Animatu eta eman izena!!

Txirrindularion abenduko kronika

Mus jokoaren antzera, oraingo bizikleta-irteeran, handitik txikira egin genuen jauzi. Hasieran ez dakit zenbat joango ginela, eta gero eguraldiak, egun-aldaketak (oraingoan, igandean egin dugu), euri-arriskuak, gaixotasunak eta abar luze batek eraginda inoizko hogeiko tropeletik seiko taldera igaro ginen. Baina, hala ere, tinko eta aurrera. Geure amamak esaten zuen moduan: “aurrera bai, atzera ez”.

16021118472_9d6e1e3f36_z

Eta abiatu ginen seiok. Tarteka zerura begira, baina atera ginen, Portugaletetik atera ere. Bizkaia zubia, Erdiko kalea, Carlos VII, bidegorria. Asfalto gorriz egindako bidetik joan ginen kontu kontari El Casaleraino (San Fuentes-Gallarta), eta handik kilometro batera edo San Pedro auzora desbideratu ginen, bidegorria utzita. Gure artzainak ederto aukeratutako zidorretik sartu ginen: aldapan gora, aldapan behera, Kardeo auzoraino, eta handik La Arena hondartzaraino.

Han, ikuspegi ederraz gozatu ondoren (a zelako olatuak ziren!), berogarriren bat hartzea erabaki genuen. Bizikletak giltzarrapoz lotu, eta taberna barrura: tortila-pintxoak (tortila baino gehiago lasaña ziruditen, a ze itxura ederra!), kafeak, kakao-edariak, mentak… Eta hori guztia kristalera handi baten atzetik, itsasora begira (inbiria e!). Hondartzan, ibiltariak, txakurrak eta hotz‑gabeko bat ere egon ziren (azken hau uretara sartu zen; a zelako hotzikara!). “E! aizue! Mugitu beharko dugu ba!” esan eta, abian jarri ginen ostera ere.

Chanel 5 kolonia sufreduna egiten duten lantegia inguratu (Petronor, alegia), Muskizera heldu eta geure artzainak taldearentzat ohikoa ez zen bide batetik sartu gintuen. Gero Santelices industrialdera igo (enebadatxue!) aldapan gora eta gora (gora ta gora Eustakio), eta azkenean, Borja auzora heldu ginen, Gallartako bidegorria eta bide berdea elkartzen diren lekura. Ur‑tragoren bat hartu, eta, ostera ere, martxan: Borja auzoa-El Sobaco tunela-Los Castaños auzoa-La Balastera auzoa-Santa Juliana-Gallarta. Eta zer gertatu eta… shiiiiiiiiiiiiiiiiiiii. Pufffff. Gurpil bi zulatuta. Albaroren bizikletako gurpil biak aldi berean zulatu ziren, harrigarria, baina egia, benetan! Zorionez, Gallartako apeaderoaren ondoan gertatu zen ezbeharra, eta konponbide erraza: trena hartu eta etxera. Hurrengora arte, Albaro!

15835710859_6d68962b81_z

Gainerako bostok, El Casal-Nocedal (aupa Naiara! Zutaz gogoratu ginen zure auzotik igarotzean)-Urioste-geralekua (eskuinaldetik gatozenok eta Bilbotik datozenak elkartzeko lekua, bidegorriko zubi berria). Agur, Bilboko eta Barakaldoko lagunak, URTE BARRIGON!! Eta Getxora itzuli behar genuen biok aurrera, Algortarantz. Baina Portugaleteko alde zaharrera helduta, Maddi bere bihotzeko azukre koxkorraren bila joan zen (egun horretan, Patxi hizlari egon zen Portugaleteko Kross lasterketan). Eta lerro hauek idatzi dituena, bakar‑bakarrik, berriro ere zerura begira, badaezpadaere, Portugaleteko zubia zeharkatu, eta Areeta, bidegorria, Fadura, Algorta.

Eta horrela bazan, ez bazan, sar nazatela kalabazan egizutarren enparantzan! Kitto. URTE BERRI ON txirrindulariok!!

https://www.flickr.com/photos/egizu/sets/72157649749917602/

Marmitako mundiala!

Mahaiaren bueltan, Bidebitarten, afaria hasteko prest

Mahaiaren bueltan, Bidebitarten, afaria hasteko prest

Euskal Herriko gastronomia-tailerra anolatu genuen Getxoko etorkinen Plataformako lagunekin pasa den hilabetean, hemen behan duzue berbalagun eta irakasle aritu zen lagun baten kronika, eskerrik asko, J-ri eta parte hartu zenuten guztioi, arratsalde-gau ederra pasa genuen, ea hurrengo tailerra munduko gastronomiarena egiten dugun! Behean argazki albumerako linka duzue.

Buru belarri afaria prestatzen

Buru belarri afaria prestatzen

Egizu afaria etorkinekin

Lehenik eta behin, esan behar dut Egizu Getxo udalerriko euskara erakunde bat dela.

Orain dela bi hilabete, Egizuren arduradun batek, Roziok gure txokoan etorkinekin afari bat egitea iradoki zidan. Helburua etorkinek gure ohiturak, eta euskara ezagutzea eta horietara erakartzea zen. Guk egiten dugun janaria irakastea polita izango zela uste genuen. Roziok gure klaseko Txarorekin hitz egin zuen laguntza eske eta azkenean gure mintzapraktika taldeko hiru sukaldari lortu zituen: Txaro, Iñigo eta hirurok. Zerrenda luze bat egin genuen jakiak aukeratzeko eta lauron artean hauek aukeratu genituen. Hasteko: piper berde frijituak, kuia arrautzatua, eta barazki odolosteak labean. Bigarrenez: hegaluze marmittakoa. Amaitzeko: arrozesnea.

Azaroaren 27a izan zen eguna, eta hogeita hamar pertsona elkartu ginen; Errusiako, Irlandako, Eskoziako, zein Argentinakoak, baina Amerika hegoaldekoak batez ere. Aurkezpena egin ondoren hiru talde osatu genituen, hiru plater prestatzeko, eta bai gaztelaniaz bai euskaraz hitz egin genuen, askotan itzuli genituen esaldiak. Ez dago zalantzarik hegaluze marmitakoa txapelketak irabazteko modukoa izan zela, eta guztiok oso gustora jan genituen jaki guztiak. Alde batetik, etorkinen lana premiazkoa izan zela esan behar dugu. Beste aldetik, giro oso ona, baliagarria, egokia eta eraginkorra izan zen.

Amaitu baino lehen bi gauza argitzea gustatuko litzaidake; bata, guretzat ez dela gauza berezia izan, baina haientzat beharbada bai. Bestea, Egizuren lana nahiz eta askotan ikusten ez dugun, oso funtsezkoa dela iruditzen zait.

Konklusio gisa, guk geure buruarentzat ez dugu gauza handirik egin, baina gure ondoan dauden pertsonentzat, ordea, bai gauza txikiekin zoriontsu egin ditzakegu eta.

Euskal Herriko sukaldaritza-tailerra
https://www.flickr.com//photos/egizu/sets/72157649090920149/show/

Bizikleta-irteera: Muskizko hondartzara Montañotik, abenduaren 14an

Bizikleta-taldeko eta Ibiltariko kideak Urduñako irteeran

Bizikleta-taldeko eta Ibiltariko kideak Urduñako irteeran

Igandera pasa dugu larunbatean egin behar genuen irteera, ea eguraldiak laguntzen duen igande goizean! Hauxe da gure plana:

Eguna, ordua: abenduaren 14a, igandea.
Geratzeko lekuak:
Fadurako Parkinean: 9:00etan
Bizkaia Zubian, Portugaleten: 9:30ean
Ibilbidea: http://ibilbideak.euskadi.net/ibilbideak/view.do?id=30519
Kilometro-kopurua: 51km (lasterbideak daude motzago izateko, eta trena bidean)
Zailtasuna: erraza.
Oharra: hotzarako arropa eta ordezko piezak eroan. Etapa eta perfila aztertu.
Harremanetarako telefonoak: 652 73 54 45 / 685 732 963

http://www.bikemap.net/en/route/2188612-egizu-arena-montanotik/

Route 2,188,612 – powered by www.bikemap.net

Oharra:
Talde honetatik sortzen diren deialdiak topaketak dira, lagunen arteko ibilbideak. Ez dago antolakuntzarik, deialdia egiten duenak ez du ez konpromisorik ez erantzunkizunik eta ekitaldi hauetan parte hartzea modu erabat librean egiten da, inongo izen ematerik gabe eta baldintzarik gabe. Talde honetatik egindako deialdien esanahia zera da: norbaitek adierazten du kirola egin nahi duela eta gustatuko litzaiokeela lagunduta egitea. Giro jatorrean kirolaz gozatzeko gogoa baino ez da eskatzen.

Hilaren 17an, Lander Garro gurean

EGIZU.ORG

Lander Garro “Gerra Txikia”

Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan, Gabonetako oporralditxoari hasiera emateko, Lander Garro gonbidatuko dugu Gerra Txikia liburuaz berba egiteko. Abenduaren 17an, eguaztena, 19:30ean, gurean izango da, Algortako Villamonte Kultur Etxean.

Irakurri baduzu edo gogoz bazabiltza, animatu eta erdu geugaz :)

gerra txikia

Kritikak:

Armiarma / Aizu!

Armiarma / Deia

Armiarma / elcorreo

Armiarma / Berton

Armiarma / Berria

* Urtarrileko hitzordua: hilak 29, eguena, 19:30ean Villamonten; Ana Jaka “Ez zen diruagatik”

Argazkia: Oiartzuarrak.org

Argazkia: Oiartzuarrak.org

Mendi irteeraren kronika: Orixolera

Azaroaren 22an mendi irteera antolatu genuen Orixolera eta primerakoa izan zen!

Mendi taldearen lehenengo irteera izan zen eta jende askorik ez zen etorri baina espero dugu hurrengoan jende gehiago animatzea.

Eguna ederra izan zen eta gustora ibili ginen maldan gora eta behera!

Hurrengorako badakizue… planik ez badaukazue, etorri Egizuk eta Txorimalo Gaztetxeak antolatutako mendi irteerara!!!

la foto 1 la foto 2 la foto 4 la foto 5

Getxon ere Euskarak 365 egun!! Eskerrik asko, lagunak!

Getxon ere, euskarak 365 egun

Getxon ere, euskarak 365 egun

Arratsalde ederra atzokoa :) Mila esker kalejiran parte hartu zenuten guztiei :)

 

GETXON EUSKARAK 365 EGUN DITU!! EUSKARAZ BIZI GURA DOGULAKO :)

EUSKARAK 365 EGUN

Abenduak 3, abendua hotz. Sukaldearen epelean ederki. Goxo-goxo. Amaren altzoan, baina kalera atera behar. Kanpoan hotz, bai, baina beldurrik ez. Berokia hartu, eta aurrera! Igurtzika, bata besteari hotza kenduz, amaren losintxa ederra delako, baina ez bakarra. Laztanak behar ditugu, baina ez soilik etxekoak. Etxekoak, auzokoak, eta denak, denonak.

Abenduak 3. Euskaldunon jaia, edo euskal herritarrena. Zalantza maiz: Bertakoa bai, baina euskal hiztuna ez. Kale. Biak pare, hala beharko luke. “Dun”, “tar”, “zale”… atzizkiak anitz, erroa bakarra. Euskara. Lurraren eta adaxkaren arteko lotura. Enborraren oinarria. Ez ipar ez hego, inolako haize boladak botako ez duen enborra.

Menditik zelaira. Baserritik kalera. Arriben, Orendainen, Larrabetzun eta Kanpezun bai, baina baita Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Baionan ere. Eta ez soilik Ttipian, handian ere berdin. Txikitik abiatu, eta handira. Euskaldunak non topatu badakigu, baina topaleku berriak behar ditugu. Taberna eta ostatuan bai, elkartean ere bai, baina baita udaletxean ere. Eta ez soilik kultur etxean. Euskara kultura delako, noski, baina kultura baino gehiago da. Hitz egiteko ez ezik, pentsatzeko, sentitzeko, eta maitatzeko modua. Lotsarik ez, beraz. Armairutik atera, eta plazaren erdira atera. Ozen aldarrikatu plazan bertan, denon bilgune, topagune den plazan; herriaren bihotzean. Bihotzetik mingainerako bidea hartuko du gero, baina bihotzean odolik ez bada, alferrik ari gara! Odolak bor-bor behar du. Museoko erakusleihorako ez, bizirik behar dugulako. Gerorrek emango diogu bizia, euskaratik eta euskaraz bizi bagara!

Abenduak 3. Nafarroan jai! Kolore gorriz egutegian. Marra gorriak, batetik bestera. Honaino bai, haraino akaso… baina hortik aurrera, ja-jai! Marrak apurtu, eta koloreak gehitu. Hori erronka. Auzokoekin bai, baina baita ondoko auzokoekin ere, eta auzokoen auzokoekin. Kate batzuetatik askatu, eta beste batzuk josi.
Abenduak 3. Euskara elkarteetan, galtzak bete lan. Borondatez ari denarentzat, jaiegunak lanegun. Lana bai, baina soldatarik ez. Bada saririk ordea… Ari garela, ari garela, eta lortuko dugula… Eta batzuetan, gehienetan, lortu dugula! Malkoak garbitzeko unea, tristurazkoak zein pozezkoak izan. Albokoak, auzokoak emandako zapiarekin guztiak kendu, eta irribarreari bidea erraztu. Halako keinu txikitik abiatuta, handira egiteko ordua da. Enbido handira! Zubi txikiak konpondu bai, baina hiriko kaleak arautu ere bai. Auzolanetik hirigintzara. Biak dira beharrezko. Auzoz auzo, euskararen herrira, euskararen hirira.

Abenduak 3. Abendua hotz. Negua beti negu. Gorri edo beltz, baina negu, hotz. Horrek ez luke behar albiste. Futbol entrenatzailea edo hiriburuko alkategaia euskal hiztuna izateak beharko ez lukeen bezela. Euskarak berak gaur albistegiak zabaldu beharko ez lituzkeen bezala. Euskararen eguna, guztiek beharko luketeelako. 365ek, eta bisurteetan, 366ek, bai gure auzoan, baina baita gure herrian, gure hirian.

Urko Aristi, 2014/12/03

Mikel Etxaburugaz “ametsetan”

15865956561_c04cca1a43_z

Solasaldi ederra Mikel Etxaburuk eskaini ziguna. Eskerrik asko Mikel eta hurbildu zineten irakurzaleei!!

Etorri ez zinetenontzat “Hodeiak zapatetan” poema liburutik Mikelek errezitatu zigun poematxo bat duzue hurrengo lerroetan, gozatu :)

Gure ametsak zirkulu txikiak dira,

haurrek egiten dituzten

xaboi puxpuluen modukoak

hauskor eta arinak

putz egin eta desagertzen direnak.

Hatz puntarekin ukitu orduko

mila malkotan lehertzen diren

ametsak dira gureak,

xaboi puxpuluen modukoak,

izar eta airezkoak.

Abenduak 3 Euskararen eguna!!!

Euskarak 365 egun

Euskarak 365 egun

Euskararen eguna dela eta, Abenduaren 3an arratsaldeko 19:00etan, kalejira koloretsua egingo dugu Telletxe Plazatik San Nikolas plazara eta ostean Getxoko elkarte eta norbanakoekin egindako bideo emanaldi laburra egongo da!!!

Animatu eta parte hartu!!!

Egizu elkartea

egizugetxo@gmail.com
Martikoena 16, 2-3, 48992 Getxo (Alango)
IFZ: G95360095

Telefonoak

619 935 541 Asier

685 732 963 Lander

644 277 155 Rozio