sOrtuak: ortu ekologikoak

Ortu ekologikoa

Ortu ekologikoa


Getxon euskaraz bizitzeko beste esparru bat sortzen gabiltza. Ortu batzuen inguruan euskaldunok euskaraz elkartzeko asmoa; nekazaritza, elikadura, harremanak eta hizkuntza uztartzeko asmoa. Proiektu honetan interesatuta bazaude, jarri gurekin harremanetan.

sOrtuak proiektuko kidea bazara eta oraindik ez baduzu posta-zerrendan izena eman, hauxe da bidea:

Google Groups
sOrtuak posta-zerrendan izena eman
Idatzi zure helbide elektronikoa:
Taldeko mezuak ikusi

Proiektu honen ezaugarriak (proposamenak):

1.- Talde autonomoak: proiektu honetan, hasieratik amaitu arte, hartu beharreko erabaki guzti-guztiak (txosten honetan agertzen diren proposamenak barne) ortuetako parte-hartzaileek hartuko dituzte. Talde erabat autonomoak izango dira, beraz.

2.- Hizkuntza: eremu horietan euskaraz bakarrik mintzatu ahal izango gara eta ingurukoekin ere bai, ahal den neurrian. Aholku-lanetarako hartu-emanak (nekazari, aditu, liburu, …) eta hornitzaileekikoak (hazi- eta landare-saltzaile, lanabes-dendari, …), euskaraz izan daitezen saiatuko gara. Hortaz, euskara hutsean biziko diren eremuak izateaz gain, horiekin lotura duten beste eremuetan ere euskara zabaltzen arituko gara.

3.- Ekologia: nekazaritza era ekologikoan garatuko dugu. Koherentziaz, bertara hurbiltzeko ere aukera ekologikoak baliatuko ditugu (herritik gertu daude, bidegorria dago bertaraino, autobusa ere bai), eta, bide batez, ingurua kotxez betetzea eragotziko dugu.

4.- Auto-elikadura: norberarentzako elikagaiak ekoitziko ditugu bertan, norbera eta etxekoak elikatzeko.

5.- Ekoizpen eta banaketa mugatua: soloetan lortutako elikagaiak ez ditugu salduko ez eta soberakinak banatuko, ekoizpen horretatik bizi direnei kalterik ez egiteko (inguruko baserritarrak eta herriko kontsumo-taldeak)

6.- Oinarrizko ikastaroa: 2012ko maiatzaren 5ean eta 12an parte-hartzaileek ikastaro bat egingo dute nekazaritza ekologikoaren oinarrizko ezagutzak lantzeko. Ikastaroa doan izango da (Bizarra Lepoan euskara-elkarteak ordainduko du).

7.- Parte-hartzaile-kopurua: lehen lur-zatian 6 unitate eta bigarrenean 25 unitate. Unitate bat da partzela bat, pertsona bakar batek landu dezakeena, edo familian, edo bikotean. Lur-zatien tamaina 100 m koadrokoa izango da eta familia baten kontsumorako nahikoa izango da.

8.- Banakako lana eta talde-lana: parte-hartzaile bakoitzak bere lur-zatia izango du (berak landuko du nahi eta ahal duen ordutegian, eta bertako produktuak berarentzat izango dira), eta parte-hartzaile guztien artean adostu beharko dituzte kontu komunak (egin beharreko gastuak eta inbertsioak, lan orokorrak, eta abar.).

9.- Gune irekia, ez txokoa. Euskaraz berba egin nahi duenarentzat irekia.

10.- Gune hedatzailea, zabaltzailea. Zer zabaltzeko? Euskara, ekologia, Azkorriko nekazaritza-gunearen babesa, eta abar.

11.- Euskararentzako beste indargune bat, gainontzekoekin sarean lotua.

Kokapenak: bi lur-zati dira, biak Getxon

Lehen lur-zatia: 1.500 m2 dituen landa-eremua, zelaia, belarra, fruta-arbola ugariz betea, Getxo zaharreko Andra Mari inguruan, Diliz estartan, Enea tabernaren atzean.


Ikusi mapa handiagoa

Bigarren lur-zatia: 4.300 m2 dituen landa-eremua, zelaia. Azkorri hondartzaren inguruan, Zientoetxe eta Goienetxe estarten artean. Hasieran 3.000 metro erabiliko ditugu.


Ikusi mapa handiagoa

Urratsak
• Proiektua zehaztu eta zabaldu. Interesatuta daudenek izena eman.
• Informazio-bilerak egin interesatuekin.
• Antolaketa adostu eta zehaztu.
• Partaideak eta partaidetza zehaztu.
• Ekonomia-kontuak zehaztu.
• Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egin.
• Ortua sortu.

Denbora
Bazkide bakoitzaren parte-hartze denbora zehazteko neurgaia soloaren ziklo naturala izango da, alegia, urtea: udaberritik negura, haziak ereite, ernetze, hazte, heltze, ontze, batze, ihartze eta usteltzearen aroei jarraituz.

Dirua
Ekimen honek baditu diru koste batzuk:
• Alokairuak: jabeei alokairuak ordaindu behar zaizkie. Lehen lur-zatian hilean 100,00 €. Bigarren lur-zatian hilean 200,00 €. Hileroko gastu hori lur-zati bakoitzeko parte-hartzaileen artean egingo da.
• Lurra prestatzeak ekar ditzakeenak: lurra irauli, ongarritu eta xehatzea.
• Haziak eta landareak erostea.
• Ura, urontziak eta ureztatzea.
• Lanabesak.
• Etxola, hazitegiak eta abar.

Parte hartzeko baldintzak
• Gutxienez urtebeterako hitza eman behar du parte-hartzaileak.
• Gastuen ordainketan parte hartu behar du dagokion zatiarekin.

Azken oharra
Soloen jabeen oharpena: lur-sail horiek inguru horretako etxegintza-plangintza barruan daudenez, berau abian jartzen denean, soloak bereganatu nahi dituzte, bertan etxetxo bana egiteko asmoa baitute. Esan berri dietenez, kontu hori ez omen da mugituko urte askoan.

Comments
One Response to “sOrtuak: ortu ekologikoak”
Trackbacks
Check out what others are saying...
  1. [...] sOrtuak: ortu ekologikoak [...]



Leave A Comment